XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gizarte arloan burgesiak, industrializazioak indarturik, boterea hartu zuen. Eta filosofian, Kant edo Rousseauren ideiak zabaldu ziren.

XVIII. mende hau asmakizunen eta bidaien mendea da: baporezko makina, Cook kapitainaren bidaiak, ... Aldaketa handiak gertatzen dira hasierako despotismotik, dena herriarentzat. baina herririk gabe, Frantziako iraultzara; iluntasun eta misteriotik arrazonamendura. Aldaketa handiak, bai, eta haur eta gazte literaturak ere nabaritu zituen aldaketa horiek.

Robinson Crusoe. Gizakiaren historia

1719ko apirilaren 25ean honako liburu hau argitaratu zen Londresen: The Life and Strange Surprising Adventures of Robinson Crusoe, of York, Mariner... Written by Himself. Liburua, Alexandre Selkirk marinel eskoziarrak irla huts batean izandako naufragioan oinarritzen da.

Bertan Robinsonek, apurka-apurka, gizakiak historian zehar izan duen eboluzioa izango du, sua sortu, janaria bilatu, etxea egin jantziak josi, hazia erein, abeltzantzan aritu, eguraldi onerako eta txarrerako tresnak sortu... Eta beti Jaungoikoaren babes eta zerbitzuan; ekintza guztietan egilearen heziketa eta erlijiositatea ikusten da.

Are gehiago Ostiral agertzean, eta haren heziketan; mendebaldeko mentalitateko irakaspenak, ohiturak, siniskeriak, eta abar irakatsiko baitizkio.

Robinson Crusoe gizakiaren aldeko liburua da, norberaren buruan konfidantza izateko eta bizitzen laguntzeko tresna aproposa. Irlara iristean Robinsonek laban bat, pipa eta tabakoa besterik ez zuen; hondarretik milia laurden batera zegoen untzian zeuden janari eta tresnak. Baina Robinson bere lanari esker hogeitazortzi urtez bizi izan zen irlan, bakarrik hasieran, Ostiralekin bukaeran.

Gizakiaren aldekoa, gizaki asmatzaile eta hezituaren aldeko liburua dela esan dugu, baina ideia horrek bezainbeste garrantzia du erlijioak. Robinson Crusoe liburuak izugarrizko arrakasta izan zuen eta Daniel Defoe berak, lau hilabete beranduago, bigarren zatia atera zuen The Futher Adventuref of Robinson Crusoe izenez. Ez zen hau izan aurreko nobelan oinarritutako idazlan bakarra, robinsonadak izenez ezagunak diren ehundaka lan argitaratu dira harrez gero.